XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Batel txiki baten... Bermiotik Sokoara

Abuztuaren 21etik 24ra, eta laugarren urtez, estropada bitxi batek euskal kostalde osoa zeharkatu du, alde batetik bestera.

Batteleku izeneko bateletan jokatu da, 11 elkartu dira guztira, eta hauen artean zumaiarrak.

TEINK Saria izena duen lasterketa honetan Kultura eta Kirola uztartzen dira.

Batetik Iparraldea eta Hegoaldea elkartzen ditu eta hauen arteko harremanak sendotu nahi ditu.

Bestetik, konpetizio kutsua duen estropada ez izan arren, ezinbestekoa da ondo prestatuta joatea lau egunak behar bezela aguantatzeko.

Hamaika batel izan dira aurtengo edizioan, 9 Iparraldekoak (hauen artean neskaz osatutako bat), Bizkaitik bat (Elantxobekoak, 2 neska eta mutil bat) eta Gipuzkoatik ere bakarra, zumaiarrek osatutakoa.

Aitor Leiza, Inaxio Manterola, Iñaki Unanue eta Antxon Laskibar izan dira, txandaka, Bizia izeneko batelean arraunean aritu direnak.

Ez diote sailkapenari garrantzirik eman nahi, bertan izan duten giro bikainari garrantzi gehiago ematen diotelako, baina oso aurrean ibili dira eta 4. postuan sailkatu dira, bi egunetan hirugarren sartu ondoren.

Egun bakoitzean zati bat kronometratua izaten da, estropa izenekoa, baina azken bi egunetan ez ziren jokatu, ia 6 metroko olatuak zeudelako itsaso zabalean.

Nahikoa lan izan zuten portuetara iristen.

Gure portura abuztuaren 22an iritsi ziren batelak, Elantxobetik abiatu eta Mutrikun bazkaldu ondoren.

Aita Mari elkartean bapo afaldu ondoren Itsas Kiroldegia izan zuten atsedenleku, Donostiara irten aurretik.

Zumaiarrak oso gustora aritu dira eta esperientzia ederra izan dela aipatu digute, Euskal Herriko kosta osoa gertutik eta lasai-lasai ezagutzeko aukera eman baitie.

Gainera, harrera bikaina izan dute herri guztietan, baina batez ere Sokoan.

Txaranga eta sirenekin ongietorria eman ondoren. 300 lagun elkartu baitziren afari herrikoi batean.

Hurrengo urtean bi batel bai?

Iñaki eta Antxon, jo ta su arraunean

Harrera ona izan zuten batelek Zumaian eta jende asko inguratu zen hurbiletik ikustera